XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

eta honelatsu adieraz daiteke balioen artean sortzen zaion gatazka: lagunekiko fideltasuna eta irakasle berriarekiko begirunearen artekoa.

Hau da: arrazoiketa moralaren mailari dagokio EGITURA, eta garapena mailen jarraipen moduan ulertzen du Kohlberg-ek: gero eta oreka handiagoko erak hartzen dituen garapen aurreragarri moduan, alegia.

Maila edo egitura hauek ez daude kultura zehatz bati menperatuak eta bere formulazioa egiterakoan pertsonak edozein eduki moralen aurrean adierazten duen egiturazko arrazoiketa hartzen du kontuan Kohlberg-ek .

Eta zer ulertzen da, bada, EDUKIA hitzarekin? Egoera zehatz batean pertsona batek epaitzen dituen balioak adierazi nahi dira izen horren bitartez.

Gure ikerketan, adibidez, abertzaletasuna/indarkeria, guraso eta irakasleen agintetza/demokrazia e. a. bezalako dilemak ulertzen ditugu eduki moduan.

Era berean abortatzea bai/abortatzea ez da Gilligan-ek bere ikerketarako hartzen duen dilema eta horrexetaz galdegiten die emakumeei berak.

Eduki edo dilema hipotetikoetan oinarrituz jasotakoak dira Kohlberg-en eta lankideen ikerketetako datu ugarienak, beti balio berdinez baliatuz (lege eta arauak, bizitza, kontzientzia, zigorra, e.a.).

Euskal Herriko subjektuek berek egituratutako eduki errealak biltzen saiatzea izan da ikerketarako gure interes nagusia.

Eta zentzu honetan, hortaraxe bideraturik egon dira Kohlberg-en ezagupen-garapenezko ereduari eginiko kritikarik nagusienak (Medrano, 1986): garapen morala argitzeko kontestuzko edukiei edo norberaren egoerei eskaini izan zaien arreta eskasa nagusuki.

Hori dela eta, lana dilema hipotetikoekin adina egin behar da subjektuak berak egituratutakoekin eta eraikitakoekin ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko 8-25 urte bitarteko subjektuen dilema errealak bildu ditugu kritika hori kontuan hartuz.

Subjektuek egituratzen dituzten dilema-motetara bideraturik egon da gure lan honetako interes nagusia, ondorengo arrazoiak bitarteko:

1. Irakaste/ikaste-estrategien garapenerako dituzten ondorio psikopedagogikoak; heziketa moralarekin zerikusia duten zeharkako edukiak bereziki.

2. Bildutako datuen baliagarritasun ekologikoa.

3. Dilemaren edukiaren eta arrazoiketaren egituraren artean leudekeen erlazioak ikertzeko burutu daitekeen azterketa.

4. Gure ingurune kulturalean sortzen diren dilemen ezagutza eta ingurune ezberdinetan sortzen direnekin alderaketak egiteko aukera.

5. Eta azkenekoa, baina hemen aurkezten dugun lan honetarako arrazoi nagusiena, sexuen arabera sor daitezkeen ezberdintasunen azterketa.